partekatu
• Autogobernuari buruzko ponentzia
PSE-EEren proposamena autogobernuari buruzko ponentzian aurkeztutako estatutu berriaren oinarrietarako (2018-02-07)
ESTATUTU BERRIAREN OINARRIETARAKO PROPOSAMENA
Aldez aurreko gogoeta
Gure autogobernua eguneratzeko oinarriak adostearen inguruan gainerako legebiltzar-taldeek egindako gogoetak ikusita, Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldeak uste du errepikatu behar dela, 2017ko urtarrilaren 26ko osoko bilkuraren aginduak adierazten duenez, “Gernikako Estatutuaren erreforma egiteko testu artikulatuak ordenamendu juridikoa errespetatu behar duela”.
Horren harira, uste dugu oinarriek aintzat hartu behar dituztela aldez aurretik Konstituzioa erreformatzeak eskainiko lituzkeen aukerak. Izan ere, estatutuak erreformatuz bakarrik ezin dira eskumenak sailkatu, ezin dira administrazioen arteko gatazkak konpontzeko epaitegietara jotzea saihesteko leialtasun federaleko mekanismo berriak sortu, ezin da proposatu Auzitegi Gorena azken instantzia juridiko arrunta izatea edo ezin da eragiten diguten Europaren erabakietan parte-hartzea handitzeko proposatu. Hortaz, alderdi horiek kontuan hartu behar dira edozein testu artikulatu idatzi baino lehen, erreforma indarrean den Konstituzioaren ordenamendua eguneratzeko aukerari ukorik egin gabe egingo dela onartzeko.
Edonola ere, Euskadi da autogobernua eguneratzeko prozesua egin ez duen erkidego bakarra. Estatutuarekin lotuta unera arte egin den proposamen bakarra 2004koa izan da, Ibarretxe Plan ezaguna. Plan horrek, hain zuzen ere, segurtasun juridikoaren oinarrizko premisa hori hausten zuen, ezkutuko Konstituzio-erreforma bat zekarrelako, eta hori kontuan hartu beharko litzateke hurrengo idazketan.
Halaber, talde sozialistaren aburuz, eguneratzeko nahia adierazteko, oinarrietan aitortu behar da 1979ko bizikidetza-ituna, nortasun, kultura eta nahi politiko ezberdinen artekoa, Gernikako Estatutua sorrarazi zuena, esperientzia arrakastatsua izan zela, eta, Euskadi osatzen duten hiru lurraldeen, bertako biztanleen eta Espainia osoko biztanleen arteko akordioari esker, aurrerapen eta kohesio sozial handieneko garaia ekarri duela. Bai eta, hortaz, helburua akordio hori handitzea dela ere, duela lau hamarkada parte hartu ez zuten sentsibilitate politikoak zein marko horretan hazi den euskaldunen belaunaldi berria barne hartzeko; eta garai hartan kontuan hartu ez ziren eskubide sozial berriak txertatzeko.
Hain zuzen ere, Estatutuak hiru euskal lurraldeetako gizarteen eta erakundeen arteko batasuna zekarren eta hori ordezkatzen du oraindik ere. Unera arte bananduta bizi ziren hainbat alderdi partekatzen bazituzten ere. Estatutuaren bidez, orduan, erkidego politiko bat osatu zen, eta autonomia-erkidegoen Espainiaren etorkizuna elkarrekin erabakitzeko bidea eraiki zuen. Aurretik 1936ko Estatutuarekin antzeko zerbait egin zen, baina autogobernu horrek ez zuen asko iraun, eta arreta eman zien gerrak eragindako premiei.
Euskadiko lehen gobernu haren ezberdinen arteko adostasun-mamia hartuta, 1979an itun hirukoitzaren nahi hori eguneratu zen, inplizituki eta esplizituki: nortasun-sentimendu ezberdinak zituzten euskaldunen artekoa, autogobernua eskubide eta betekizun berdinekin partekatzeko; alderdi historiko eta kultural berdinak izan arren, ibilbide historiko ezberdinak izan zituzten lurraldeen artekoa; eta euskaldunen eta espainiarren artekoa, bizikidetzako hainbat mendetako proiektua luzatzeko. Lege-gorpuzdun eta itun-arimadun Estatutua.
Bizikidetza-itun horrek, nortasun eta nahi politiko ezberdinez osatutako bizitza-konpromiso horrek gaur egungo Estatutuaren oinarria osatzen du, eta horrek ere elikatu behar du berria. Autogobernuaren esperientzia Euskadin euskaldunek askatasunez bere gain hartutako erantzukizun- eta elkartasun-ariketa bat da, Espainiar guztien artean adostutakoa; eta erantzukizun horren kudeaketak aukera eman digu ongizatearen Euskadi eraikitzeko. Nolanahi ere, zuzendu behar ditugun akatsak daude.
Azken lau hamarkada hauetan bezala, lortu behar da autogobernua tresnarik egokiena izatea gizarte anitzen arteko bizikidetza antolatzeko, horien alderdi ezberdinak errespetatzen direla ziurtatzeko eta gizarte-eskubideak bermatzen dituzten zerbitzu publikoak kudeatzeko.
Eta helburu horiek lortzeko, sozialistok babesten dugu prozedurak, legezkotasuna, elkarrizketa eta adostasuna edukiak bezain garrantzitsuak direla. Ulertzen dugunez, hurrengo belaunaldientzako autogobernuaren marko politikoa eguneratzeak euskaldunen arteko ituna berritzea dakar eta, hain zuzen ere, Euskadiko hiru lurraldeen arteko ituna eta Euskadiren eta Espainiako gainerakoen arteko ituna; hau da, Estatutua sorrarazi zuen eta Euskadi erkidego politiko gisa osatu zuen itun hirukoitza.
Laburbilduz, hauexek izan beharko lirateke erreformaren oinarriak:
- Konstituzioaren eta Estatutuaren legeriak ezarritako arauei eta baldintzei jarraikiz, euskaldunei bermatzea beren eskubideei eta interesei eragiten dieten erabaki politiko guztietan parte hartzeko eskubidea.
- Autogobernuaren eskubidea bermatzea, gizarte modernoa, anitza, berdina eta bateratua eraikitzeko, hiritarren arteko bizikidetza eta herritartasun osoko itun baten bidez. Beren etorkizunaren arduradun diren emakumeez eta gizonez eratutako gizartea, Espainia anitz eta ezberdinean, zein Europar Batasunaren barruan; Estatuko gainerako autonomia-erkidegoekin benetako elkartasuna izanez eta demokraziaren balio gorenei eta oinarrizko printzipioei helduz.
Estatutu-testua berrantolatzeko elementuak
Gernikako Estatutua dokumentu laburra eta zuzena da. Ez du sarrerarik, idazleen nahia adierazten duen testuinguru gisarik. Konstituzioan, ordea, badago hitzaurre bat; bai eta, garai berean, 1979an idatzitako Kataluniako Estatutuan eta aurreragoko beste batzuetan ere.
Estatutuaren testuaren idazkerak garai hartan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako probintzia edo lurralde historikoetako gizarteak hasten ari ziren autogobernu partekatuko oinarrizko erakunde-printzipioak ezarri zituen. Haren berrogeita zazpi artikuluetan eta hamar xedapenetan (gehigarri bat eta iragankor bat), autonomia-erkidegoaren izendapena, osaera, erakunde propioak, eskumenak, araubide ekonomikoa, erreformarako prozedura eta autonomia-hasierarako mekanismoak jasotzen dira. Askoz gehiago, ez.
- a) Gabeziak eta anbiguetateak
Estatutuaren idatziak hainbat gabezia eta anbiguetate ditu, garai hartan demokrazia eta autonomia sortzen ari ziren eta. Ugariak dira zehaztasunik gabeko egokitzapenak, bi interpretazio izan ditzaketenak, zehazteko zailak diren argibideen (adibidez, “hala badagokio” edo “-(r)i kalterik eragin gabe”) bidez adierazitakoak.
Era berean, artikuluetan, eta, batez ere, xedapen iragankorretan, autogobernuaren prozesua abian jartzeko pentsatu diren aurreikuspen anitz daude, baina geroagoko legeriak garatu duenez, zaharkituta geratu dira.
- b) Azken 38 urteetako eraldaketak gehitzea
Estatutua eguneratzeari ekitean, ezin ditugu alde batera utzi azken 38 urteetan gertatu diren aldaketak, Euskadiren autogobernuaz haratago. Gaur Europar Batasunaren parte gara. Beste hogeita zazpi herrialdek duten txanpon berdina dugu. Antzina estatu zaharrak osatzen zituzten subiranotasuna eta politika asko beste instantzia batzuen mende daude orain, esaterako, ekonomiaren arauketa eta mugen babesa. Produkzioa, merkataritza eta finantza-transakzioak globalizatu dira.
Baina erakunde-aldaketa horiekin batera, ordura arte ezagunak ez ziren zenbait erronka sozial sortu dira, esaterako, klima-aldaketak sortutakoak, biztanleriaren zaharkitzea edo migrazio-mugimenduak. Ondorio latzak dituzte horiek. Horri gehitu behar zaio gure gizarteetako bizimoduak eta gizarte-eraketa oso azkar eraldatu direla. Horietako lehenengoari dagokionez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun osoa ardatz duen komunitate bat eraikitzeko nahi irmoa berretsi behar da. Berdintasun horrek esan nahi du emakumeen eta gizonen eskubideak benetan bermatu behar direla eta aitortu behar dela ezinbesteko parte aktibo direla gizarteak aurrera egiteko. Eskubide hori erabiliz, gai horren ondorioz, besteak beste, familia berriak sortuko dira, eta horietan islatu behar da harreman ekonomikoak, lanekoak eta sozialak osatzeko era berria. Baina beste errealitate batzuk hartu behar dira kontuan ere bai, hala nola Internet unibertsoa, harreman- eta komunikazio-moduak aldatu dituena.
Aldaketa horiek, halaber, herritarrak erakundeekin harremanak izateko modua aldatu dute. Gobernamendu berria eskatzen da orain maila guztietan, herritarrek parte hartzea, gardentasuna eta kontuak ematea bermatzeko.
- c) Barne-konstituzioa
Estatutuaren testuan azaldutako errealitate horietako batzuk txertatzeak ez du esan behar, gure iritziz, estatutuaren testua luzeegia izan behar denik. Jadanik atzean utzitako agindu horiek ezabatzea oso erraz orekatu daiteke errealitate berriekin bat egiten duten eduki berriak gehitzearekin, erreformatutako estatutuak arrazoizko dimentsioa izan dezan.
Ezin dugu ahaztu estatutua Euskadiren barne-konstituzioa dela. Hortaz, herritarrek ulertzeko moduko testu bat izan behar du, eta, funtsean, honako hauek jaso behar ditu: autogobernuaren funtsezko elementuak, haren kanpo- eta barne-esanahiak, euskal herritarren eskubideak eta betekizunak eta erakundeen antolamendua eta funtzionamendua.
Gure aburuz, gai horiek kontuan hartu behar dira edozein testu artikulatu idazterako orduan, eta hortik abiatuta, Socialistas Vascos-Euskal Sozialista taldeak, gaur egungo ordenamendu juridikoarekin bat egiten duten eta taldeek detektatu dituzten bat-etortzeak aintzat hartuta, planteatzen du zirriborro artikulatua egitea konstituzio- edo estatutu-testuen egitura arruntei jarraikiz.
- HITZAURREA EDO ZIOEN AZALPENA
Gaur egungo Estatutuak ez du hitzaurrerik edo zioen azalpenik, horiek ohikoak eta funtsezkoak badira ere lege eta arauetan. Testu artikulatuaren aurreko adierazpen hori erabili beharko litzateke artikulatu nahi den komunitate politikoaren proiektua goraipatzeko, Euskadiren autogobernua berezi egiten duten alderdiekin eta Espainiarekin eta Europarekin partekatutako proiektuaren legeriarekin eta konstituzioarekin bat datorrela aipatuz.
Horrekin lotuta, hitzaurreak zenbait kontu aitortuko lituzke: euskal gizartearen nortasun- eta sentimendu-aniztasuna, emakume eta gizon berdinez osatutako nazionalitate/nazio gisa identifikatzea (Konstituzioaren jurisprudentziaren markoan, ekainaren 28ko AG 31/2010 Epaiak eta Europako Batzordeak xedatutakoaren arabera), eraso terrorista gorabehera biziraun zuen indarrean den Estatutuaren akordio politikoaren balioa eta legeak jadanik onartu eta garatu dituen berezitasunak aipatzea –Konstituzioaren eta Estatutuaren xedapen gehigarrietan jasotako eskubide historikoak, Ekonomia Ituna, euskara hizkuntza koofizial gisa edo zuzenbide zibila.
Halaber, komunitate politikoaren gisako definizio horretan argi eta garbi xedatu beharko dira, indarreko legeriaren arabera, testuak eragiten dituen subjektu politikoa eta lurralde-irismena, bai eta beste erkidego edo eskualde batzuekin (hizkuntza, kultura edota interes sozial eta ekonomikoak nahiz europar bokazioa partekatzen direnekin) harremanak izateko nahia ere.
Horrez gain, duela gutxiko gure historia aipatu beharko litzateke, gure autonomia finkatzen eta garatzen ari zen garaian politika-arrazoiak zirela medio jasandako indarkeriaren deskribapen erreal eta adostua egiteko. Aipamen horrek etorkizun komun batera eraman behar gaitu, biktimen memorian eta egian oinarrituta; bakea eta bizikidetza berritu baten aniztasun demokratikoa behin betiko lor dezagun.
- B) ATARIKO TITULUA. ESKUBIDEEN ETA BETEKIZUNEN ARAUKETA BERRIA.
Estatutua eguneratzeko prozesua, haren atariko tituluari dagokionez, gaur egungo idazketan nahasian diren zenbait alderdi zehazteko erabili beharko litzateke.
Gogoratu behar da Estatutuaren 9. artikuluak euskal erakundeen betekizuna definitzen duela, beren eskumenen alorrean: “herritarren funtsezko eskubideak eta betekizunak egoki betetzen direla” zaintzea eta bermatzea; “laneko eta bizitzeko baldintzak hobetzeko politika bereziki” bultzatzea; “enpleguaren eta egonkortasun ekonomikoaren hazkundea sustatzea”; “gizabanakoen eta horiek osatzen dituzten taldeen eskubidea eta berdintasuna efektiboak eta errealak izateko baldintzak sustatzeko eta oztopoak desegiteko neurriak sustatzeko neurriak hartzea”; eta “Euskadiko bizitza politikoan, ekonomikoan, kulturalean eta sozialean herritarren parte-hartzea” erraztea.
Estatutuaren alderdi sozialetan sakondu beharko litzateke, eta, horretarako, geroago euskal legeetan txertatutako eskubideak berariaz aitortu behar dira, hala nola emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, nahikoa baliabide ez dituztenei diru-sarrerak edo etxebizitza bermatzeko errentak eskuratzeko eskubidea zein gardentasunarekin eta parte-hartzearekin lotutakoak. Horrez gain, kapitulu hori betekizun espezifikoen zerrenda batekin osatu behar da.
Horren harira, gomendagarria litzateke:
- Euskal Autonomia Erkidegoaren definizio semantiko zehatzago bat adostea, bertako herritarren bizikidetza-nahian oinarritutako proiektu gisa, Espainiaren eta Europaren markoan.
- Euskararen estatusa zehaztea eta Euskadiko bi hizkuntza ofizialak ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea aitortzea; horrekin lotuta, 1982ko Euskararen erabilera normalizatzeko legean egindako aurrerapenak txertatuz.
- Euskal herritarren eskubide eta betekizunen arauketa berri eta zabala finkatzea, erkidegoko herritarren eta botere publikoen arteko harreman-gutun batek araututa. Horren harira, gaur egungo estatutuak eskubide horiei egiten dien aipamenen aurrean, argi eta garbi definitu beharko lirateke osasunerako, hezkuntzarako, gizarte-babeserako, etxebizitzarako, ingurumenerako, emakumeen eta gizonen berdintasunerako, gardentasunerako eta baliabide publikoen kudeaketan parte hartzeko eskubideak.
C). ESKUMENEN DEFINIZIOA ESTATUAREKIN LOTUTA.
Konstituzio Auzitegiak hainbat aldiz errepikatu du estatuari egokitutako eskumenak betetzea autonomia-erkidego batetik baldintzatu ezin direla dioen doktrina. Horretatik abiatuta, eta kontuan hartuta hori Konstituzioa erreformatu eta gero bakarrik egin litekeela, hauexek izango lirateke aukerak:
- Titulu horretan gehitzea Ogasunari eta Ondareari buruzko eskumenak eta horien arauketa zehaztea Ekonomia Itunaren bidez (gaur egungo Estatutuan beste titulu batean dago).
- Estatutuaren idazketan dauden anbiguetateak argitzea (“hala badagokio”, “-(r)i kalterik egin gabe eta horrelako adierazpenak, interpretazio-gatazkak sor ditzaketenak).
- Europar Batasunarekiko harremanei buruzko kapitulu berri bat aztertzea, gaur egungo Konstituzioak ezarritako mugen barruan, erkidegoak EBean esku hartzeko mekanismoak hobeto definitzeko; bereziki, Euskadiren eskumen esklusiboen esparruan, eta Autonomia-Erkidegoari kanpo-ekintzarako malgutasun handiagoa emateko.
- Atal espezifiko bat gehitzea estatuko gobernuarekin harremanak izateko mekanismoen inguruan. Haren bitartez, aldebikotasun-printzipioa aplikatzen dela ziurtatuko litzateke, Euskadik eskumen esklusibo bakarra duen alorrei dagokienez (Ekonomia Ituna, segurtasuna, polizia, etab.); bai eta parte-hartzeko komuna ere eskumen konkurrenteei dagokienez, kooperazioko mekanismo federalen bitartez (Senatuaren bitartez, nagusiki).
D: EAEren BOTEREEI BURUZ
Titulu horri dagokionez, taldeek ez dute proposamen garrantzitsurik egin, Konstituzioaren berrikuspenak baldintzatutako botere judizialaren aipamenak izan ezik. Hala ere, estatutuen erreforma erabil liteke erakundeen betebeharrak nabarmentzeko, hala nola gardentasunari, parte-hartzeari eta berdintasunari dagokienez; aurreko tituluan horrekin lotuta aitortutako eskubideen ondorioz.
E).- HARREMANAK ESPAINIAKO ETA EUROPAKO GAINERAKO ERKIDEGOEKIN ETA ESKUALDEEKIN.
Konstituzioaren indarreko ordenamenduak baimentzen duenaren barruan eta estatutuak berariaz aipatzen dituen erkidegoek eta eskualdeek hartutako erabakiak erabat errespetatuz, esparru ekonomikoan, sozialean edo kulturalean izan nahi diren harreman mota argitzea, bai eta horren inguruan legeak egindako aurreikuspenak ere. Horren harira, honako hau deritzogu:
--Nafarroari dagokionez, egiten den testuak arduratsua izan behar du nafarrek hartutako erabakiekin. Haiek aukera dute Euskadirekin batera proiektu bat egiteko, baina inoiz ez dute nahi izan, presidente abertzale bat lehenbiziz duten oraingo honetan ere ez. Kooperazio iraunkorreko erakunde bat aurreikusi zen, bai eta eratu ere. Hala ere, ezin izan da mantendu, legeak ezer antzekorik agindu ez badu ere. Baina horrek ez du galarazi Akitania eskualdearen bidezko lankidetza, ez eta osasunaren, hezkuntzaren, euskararen edo komunikabideen arloko lankidetza-hitzarmenak ere.
---Iparralderi dagokionez, historian lehenbiziz harreman historikoetan, linguistikoetan eta sozioekonomikoetan (Euskadiko herritarrek partekatu ditzaketenak) oinarritutako mankomunitate bat sortu denez, errealitate hori kontuan har daiteke, betiere alde biek kooperazio iraunkorrerako formulak ezarri nahi badituzte, Akitania euroeskualdean jadanik daudenei kalterik eragin gabe.
---Europari dagokionez, adierazi behar da EBaren kide izan nahi dugula, estatuaren eta erkidegoaren erakundeen erabakietan parte hartu nahi dugula, eta mekanismoak sortu nahi ditugula eragiten diguten Europaren erabakietan euskal erakundeek parte har dezaten eta beren eskumenenen arabera eragiteko gai izan daitezen.
F).- LURRALDE HISTORIKOEN ARTEKO ZEIN HORIEN ETA EAE-REN ARTEKO BARNE-HARREMANAK
Aurreko legealdian Arbitraje Batzordeak gehiengoz erabaki zuenez gaur egungo Lurralde Historikoen lege arrunta aldatzeko estatutua berrikusi beharko litzatekeela, sozialistok uste dugu estatutuaren erreforma erabili behar dela erakunde-antolamendu berri horretarako, Autonomia Erkidegoaren barne-autogobernua hobetzeko. Horrela, eraginkortasunezko irizpide sozialekin eskubideen eta betekizunen inguruko berdintasunean, lurraldearen eta gizartearen kohesioan eta kudeaketa publikoaren gardentasunean eta eraginkortasunean aurreratuko da. Horretarako, estatutuaren inguruan proposatzen denez, titulu horrek argituko lituzke erakunde-alor bakoitzaren eskumenak eta kooperaziorako formulak eta erakundeak ezarriko lituzke.
Zehazki, uste dugu gai fiskala haren funtzionamenduaren elementu nagusi bat dela, gainerako sistema demokratiko modernoetan legez. Horietan, zerga sistemak erakundeei politika publikoak finantzatzeko behar diren baliabideak emateaz gain, sistemak bermatzen du herritarrei tratu berdina ematen zaiela eta berrantolaketako eta elkartasuneko funtsezko tresna dela. Horregatik, fiskalitateari buruz hartzen diren erabakiek gardentasun eta kontrol demokratiko handia izan behar dute. Hortaz, Eusko Legebiltzarrari zerga-sistema arautzeko eskumena ematea komeni da, lurralde historikoei egokitutako Ekonomia Itunaren Legearen alorrean.
Estatutuaren testuak, halaber, euskal udalen autonomia politikoa, organikoa eta finantzarioaren eskubidea berariaz gehitu lezake, eta Eusko Legebiltzarrak zenbait arlotan oinarrizko legeria egiteko duen eskumena aitortu ere bai. Udalerriak ezinbestekoak dira Euskadiren erakunde-egituran, herritarrek horietara jotzen dutelako lehenik eta behin, eta zerbitzu publikoak emateko funtsezko rola betetzen dutelako. Beraz, lan hori egiteko baliabideak bermatu behar ditu estatutuak. Etorkizunean gai hori bakoitzaren interpretazioen eraginpean geratzea saihestu behar da, autogobernua garatzeko eta estatuarekiko harremanean oztopo bat izan da eta.
G).- ESTATUTUAREN ERREFORMARI BURUZ
Horren inguruan talde batek ere ez duenez ekarpenik egin, horrela mantenduko da.
XEDAPEN OSAGARRIA
Horren inguruan talde batek ere ez du eragozpenik jarri, bera, gaur egungo idatzia mantenduko da.
XEDAPEN IRAGANKORRAK
Horren inguruan ere, inork ez du alegazio zehatzik egin, baina aurreko gaietan adierazi dugunez, logikoa da aurreikuspen bakar bat idaztea estatutu batetik bestera igarotzeko uneari dagokionez. Horrek esan nahi du gaur egungo lehenengo xedapen iragankor osoa berriz formulatu behar dela, eta bigarrenak, hirugarrenak, laugarrenak, seigarrenak, zazpigarrenak, zortzigarrenak eta bederatzigarrenak ez dute zentzurik izango, gauzatuta dauden heinean. Bosgarrenak ere ez, estatutu berria onartzerako unean, aipatzen duen transferentzia (Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoa) gauzatuta egongo dela konfiantza dugu eta.