Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.
Adi egon! Adi egon!

Uztaila 2024

AL AR AZ OG OR LR IG
1 2 3 4 5 6 7
8 9 10 11 12 13 14
15 16 17 18 19 20 21
22 23 24 25 26 27 28
29 30 31
Itxi
PSE EUSKADI

PSE-EE PSOE Socialistas Vascos

Berriak

partekatu  partekatu

  •   Lege-proposamena

PSE-EEk ‘trans legea’ren erreforma sustatzen du Legebiltzarrean, beste urrats bat Berdintasunaren aldeko borrokan

EAJrekin eta Podemosekin batera erregistratutako ekimenak eskubide eta berme gehiago dakartza askatasuna zaintzeko eta pertsona guztien garapen betea errazteko

1. argazkia
La portavoz de Igualdad en el Parlamento Vasco, Gloria Sánchez, interviene en un pleno.

Euskadi izan zen lehen erkidegoetakoa 2012an genero arrazoiengatik ez diskriminatzeko eta transexualen eskubideak zaintzeko araudi propio bat izaten. Zazpi urte geroago, despatologizaziorako eta norberaren identitatearen gainean erabakitzeko eskubidearen aldeko lehen erreforma onartu zen. Eta, orain, transexual eta transgenero komunitatea defendatzen duten kolektibo eta elkarteen eskutik, PSE-EEk, EAJk eta Podemosek legearen aldaketa integralerako proposamena aurkeztu dute Legebiltzarrean, “pertsona horien bizi-baldintzak eta horien beharrei erakunde publikoen aldetiko erantzuna hobetzeko” xedearekin. Sustatzaileek aitortzen dute oztopo asko daudela oraindik indarrean, burututako ibilbidea eta lortutako aurrerapenen arren, pertsona horien garapen betea eragozten dutenak. “Bataila ez da gauden honetan amaitzen. Aniztasunarekiko begirunetsu izango den gizarte bat lortzeko, etengabeko borroka eskatzen du. Ezin diogu utzi erne egoteari. Berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren aldeko lan gogorreko urteen arren, eskubide guztiak bermatzen ez diren espazioak daude oraindik”, azpimarratu dute proposamenaren sustatzaileek, hots, Gloria Sánchez Legebiltzarreko Berdintasuneko bozeramaileak eta Iñigo Iturrate EAJren ordezkariak.

Aurrekoetan bezala, Euskal Ganberara heldu den testu legala trans komunitatearen eta hori ordezkatzen duten kolektiboen bultzada eta lankidetzarekin eratu da. Proposamena sustatzen dutenek, hain zuzen, nahitaezkotzat jotzen zuten horien parte-hartzea. Sánchezek eta Iturratek adierazi dute konfiantza dutela gizarte zibilean lortutako akordioa Legebiltzarrean ere erreproduzituko delako eta arauak alderdi guztien babesarekin aurrera aterako direlako, aurreko urteetan nola. “Gobernuko gure programa betetzen ari gara horrekin, baina, batik bat, pertsona guztien eskubide eta askatasunak defendatzeko dugun konpromisoa ari gara betetzen. Zer gizarte nahi dugun zehazten ari gara horrela, eta eredu horrek errealitate guztiak arautu behar ditu. Transexualitatea giza aniztasunaren osagai bat da, jaiotzetik den errealitate bat da, eta gure betebeharra da pertsonei eskubideen alorrean bizitza betea eragozten dieten oztopo guztiak eraistea”, adierazi dute.

Erreforma dagoeneko erregistraturik da Ganberan, eta kontu “garrantzitsuak” biltzen ditu transexualek euskal administrazio publikoen aldetik euren heziketa-, osasun-, lege- eta lan-beharrentzat arreta integral eta egokia jasotzeko duten eskubidea bete-betean bermatzeaz denaz bezainbatean. Horrez gainera, pertsona horiek gizartearen eta erakundeen aldetik jasaten duten pertzepzio negatiboan eragiten duten estereotipoak gainditzen laguntzen du, eta neurri zehatzak ezartzen ditu gizarte bidezkoagoa, libreagoa eta berdinzaleagoa lortzeko.

Osasun-zerbitzuen zorroa

Osasun alorrean, zerbitzuen zorroa zabaltzea ezartzen du arauak, aurrerapen mediko eta zientifikoetara egokitzeko, eta sei hilabeteko epea ezartzen du transexualitatearen Lehen Mailako Arretza Zerbitzuak eta Unitate Espezializatua funtzionamenduan jartzeko. Araua, gainera, erregelamendua izatetik legea izatera pasatzen da. Testuan jasotakoaren arabera, Transexualitatearentzako Lehen Mailako Arreta Zerbitzu bat ezarriko da, gutxienez, lurralde historikoetako bakoitzean. Hezkuntza-sisteman, berriz, protokolo batzuk garatuko dira identitate sexualarengatik diskriminatuak izan ez daitezen, eta transexualak dauden ikastetxeetan hezkuntza-komunitate osoaren (irakasleak, administrazioko langileak, familiak eta ikasleak barne) prestakuntza bermatuko du Sailak. Bereizkeriaren aurkako planak lan eremu publiko eta pribatura ere helduko dira, zeinetan lan-ikuskaritzaz eta arriskuen prebentzioaz arduratzen diren langileen berariazko prestakuntza sustatuko baita.

Transexual adingabeek entzunak izateko eta erabaki medikoak hartzen parte hartzeko duten eskubidea jasotzen du idazketa berriak. Tratamenduen irismena ulertzeko gauza ez bada edo 16 urtetik beherakoa bada, legezko ordezkariaren baimena beharko dute.

Lege-proposamenak familia, kultura, aisialdi eta kirol arloan ere ezartzen ditu neurriak, edo auzitegi eta polizia-bulegoetako arretan. Sustatzaileen iritziz, erreforma integrala da, transexualitatea “naturaltasunez, beldurrik gabe eta askatasun osoz bizi dadin”.