partekatu
• ZUZENKETAK
Cuelgamuroseko haranaren etorkizunari buruz
OSOKO ZUZENKETA
1.- Eusko Legebiltzarrak positiboki baloratzen du Franco Erorien Haraneko hobitik ateratzeko erabakia, joan den irailaren 14an Diputatuen Kongresuan hartutakoa. Erabaki horrek erantzuten dio frankismoaren biktimak erreparatzeko borondateari, eta aurrera egiten du egirako, justiziarako, erreparaziorako eta ez errepikatzeko duten eskubideetan. Modu horretan, akats historiko bat konpontzen da eta bizitza demokratikoa normalizatzen da, ematen ziharduen ezohizko egoera amaituz. Izan ere, leku berean zeuden lurperatuta diktadorea eta haren milaka biktima.
2.- Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio ezen, Gogoraren bitartez, ikerketa sakona egin dezala –zeinak beharrezko azterlan eta froga historiografikoak eta genetikoak jasoko baitituen-, Erorien Haranean ehortzitako euskaldun kopurua argituko dueña, ekin diezaiola horiek identifikatzeari, eta zehaztu dezala noiz eta nola eraman zituzten; eta bereziki, horretarako beharrezkoa den sendiaren baimena izan zuten ala ez.
Ikerketa amaituta, eta horren ondorioak ikusirik, elkarlanean aritu dadila Espainiako Gobernuarekin, ikerketaren arabera bertan lurperatuta dauden euskal herritarren gorpuzkiak lurpetik ateratzeko, horien familiek eskatu baldin badute itzuli eta Euskadira lekualdatzea, betiere baldintza teknikoek posible egiten badute.
3.- Eusko Legebiltzarrak berretsi egiten du Nazio Batuek eta nazioarteko beste aditu batzuek egindako hainbat txostenekiko babesa –bereziki Europar Batasunean oinarrizko eskubideek 2015ean zuten egoerari buruzkoa, Europako Parlamentuak 2016an onartutakoa-. Txosten horiek neurriak jasotzen dituzte biktimak aitortu eta erreparatzeko, era berean, jasotzen dute beharrezkoa dela ikerketa judizialekin kolaboratzea –izan nazionalak zein nazioartekoak-, helburu dutenak eremu horretan ardurak argitzea eta egia, justizia eta erreparazioa eskaintzea Batasunean erregimen totalitarioek –adibidez, erregimen frankistak- egindako gizadiaren aurkako krimen biktimei.
4.- Eusko Legebiltzarrak Espainiako Gobernuari eskatzen dio irmoki eta premiaz aurre egin diezaiola Erorien Haranaren funtzioaren berresanguratzea, Diputatuen Kongresuko talde politikoen arteko elkarrizketaren eta akordioaren bidez. Helburua da leku hori ez izatea diktadorea omentzeko, memoria frankistarako eta nazional-katolikorako; berresanguratzeak Gerra Zibilaren eta frankismoaren biktimak duintzeko eta aitortzeko funtzioa bete behar du, eta ezabatu beharra dauka adierazpen edo konnotazio frankista oro, hala nola debekatu gorazarre egiteko edozein ekitaldi, diktadura frankista edo diktadorearen figura txikiagotzen, justifikatzen edo goratzen duena.