partekatu
Idoia Mendiaren prentsaurrekoa Estatutuaren erreformari buruzko egoera baloratzeko
Egun on, Dei egin izan dizuegu honez gero ezagutzen dugulako Estatutuaren erreformaren gainean lanean aritu den aditu taldearen testu osoa. Eta aurreratzen dizuegu amaierako txostenean badaudela partekatzen ditugun oinarrizko kontsentsu batzuk, eta baita planteamendu partzial batzuek ere, euskal gizartearen zati bat baztertzen dutenak.
Geroago azalduko dut hori, baina garbi geratzea nahi dut une honetan bertan azalduko dudan hau: Badakigu guztiok zer parteka dezakegun. Badakigu, jakin, ahalegin hori bide onera iristeko aukera bat dagoela une honetan. Eta badakigu oztopo bakarra ezinezkoa den eta guztiok partekatzen ez dugun horretan tematzea dela.
Euskal Sozialisten ustetan, Gorteek gaur egun duten gehiengoa abagunea da euskal Estatutu berri bat onartzeko. Akordiorako dei bat egiten diegu indar politiko guztiei, eta akordio hori aurrenik Euskadin gauzatu behar da, gure erakundeekiko errespetuan eta lehen minututik defendatu izan dugun kontsentsuan oinarrituta. Eta EAJi gonbitea luzatzen diogu abertzaleen maximalismoekin ez diezaion utzi aukerari pasatzen.
Bide horretan aurkituko gaituzue sozialistak. Nazionalistek erabaki egin beharko dute gizartearen zati bat kanpoan utziko duen eta frustrazioaren eta konfrontazioaren ildora itzuliko gaituen proposamen batekin aurrera jarraitu nahi duten.
Hasieratik esan genuen hori, eta halaxe errepikatzen dugu gaur ere: Konstituzioa ezin da aldatu Estatutu baten bidez. Badugu horren esperientzia. Kataluniak hartu zuen bidea da. Eta hori da Euskadin egin nahi ez duguna.
Sozialistok argi daukagu autogobernua herritarren bizitza hobetzeko tresna dela.
Argi dauzkagu banatzen gaituzten gauzak. Baita elkartzen gaituztenak ere.
Baina, batez ere, argi daukagu legealdi honetan aukera ezin hobea daukagula autogobernua modernizatzeko.
Oztopo bakarra ezinezkoan tematzea da.
Horregatik eskatzen diogu Alderdi Jeltzaleari aukera hau ez galtzea.
Konstituzioa ezin da aldatu Estatutuaren bitartez. Hori da Katalunian saiatu duten bidea eta ez dugu Euskadin errepikatu nahi.
Sozialistok akordioaren alde egongo gara beti. Jeltzaleei dagokie orain erabakitzea euskal gizartearen parte bat baztertu ala hurrengo berrogei urtetarako akordio zabal bat lortu nahi duten.
Aditu taldea urtebetez lanean aritu ondoren, uste dut garaia dela eskertzeko bere garaian agindu zioten lana onartu izanagatik eta oinarri batzuk hezurmamitzeari eskainitako denboragatik. Oinarriok, ez dugu ahaztu behar, sustraiko desadostasun batetik abiatzen ziren, eta agerian geratu dira berriz ere.
Sozialistok esan genuen, alderdi bakar batek ere ezin zuen adituen esku utzi akordioak lortzeko erantzukizuna, geurea baita erantzukizun hori, ordezkari publikoena, alegia, eta berretsi egiten dugu hori.
Urte honetan zehar norbait beste zerbaiten nahian aritu bada, azaldu dezala berak, ez guk. Bagenekien egun hau iritsiko zena eta garbi hitz egin beharko genuena, eta horixe egin behar dugu. Eta, proposamen artikulatu horretan, ikusi dugu Legebiltzarraren eskuetan jarri dutela bere garaian sozialistok hauteman izan genituen adostasun ugariei forma ematea lortu duten testua.
Adostasunak bi eremutan ematen dira: Eskubide sozialen gutun bat defenditzean eta eskubide horiek botere publikoetatik gogobetetzeko tresnak zehaztean. Izan nahi dugun Euskadi definitzen dutenean: eskubide sozialak, hain zuzen lau hamarkadaz eraikitzen joan izan diren eta XXI. mendeak erakusten dizkigun erronka berrien aurrean eraikitzen jarraitu beharra daudenak, blindatzea erabakia duen herri bat.
Banantzen gintuzten diferentzia berberekin aurkitzen gara, ordea, eta horiek konpontzea ez zen aditu taldearen erantzukizuna. Garrantzitsuenak laburtzeko:
1.- Erabakitzeko eskubidea. Atariko tituluan agertzen zen lehen; orain, azken xedera pasatu da. Lehen, gainerako artikuluak handik isekitzen ziren esekigailua zen; orain, aurretik dituen artikuluak interpretatu beharreko betaurrekoak dira. Sozialistak ez gara hor egongo. Erabakitzeko eskubide deiturikoa, izan ere, ez da eskubide hori, ezpada independentzia erabakitzeko aldarrikapen abertzale bat da, beharrezkoa ikusten denean. Eta gizarteko zati baten aldarrikapena ezin da bihurtu guztien eskubide. Beraz, ez dugu inolako aurrerapenik ikusten aurretik atzera pasatuz, tokitik mugituz, aldarrikapen abertzale bat, guztioi, abertzaleak direnei eta ez direnei, balio behar digun Estatutu baten barruan.
2.- Eskumenen banaketa. Arreta ematen digu barneko eskumenak, Gobernuaren eta aldundien artekoa, zedarritzerakoan erakusten den txukuntasuna, arau-garapenekoak eta betearazleak direnak bereiziz, autonomikoak deskribatzeko azaltzen duen anbiguotasunaren aldean, gure esparru juridikoaren arabera errealitatean Estatuari dagozkionak zehaztu gabe.
Nazionalistek anbiguotasun gehiago erantsi dute, eta arriskuan jartzen dituzte eskuratu ahal genitzakeen eskumenak. Organo bat eratu nahi dute, Kontzertu Politikoaren Batzordea, Konstituzio Auzitegiari lekua hartu nahi diona eskumenen gaineko eztabaidak erabakitzeko.
Guk lankidetza-batzorde bat proposatzen dugu, Pedro Sánchezen Gobernua eratzen joan izan den ildotik, edozein desadostasunek ez dezan izan aldez aurretik auzitegietan bukatu beharra.
3.- Nafarroa. Aurkeztutako testuak egungo Gernikako Estatutuan aurreikusten dena erreproduzitzen du, errealitate historiko eta instituzionala alboratuz. Ez du kontuan hartzen indarrean dagoen Estatutua lehena izan zela Espainian, eta foru-erkidegoari buruzko konstituzio-aurreikuspena jaso zuela. Baina Nafarroak bere bidea egitea erabaki zuen handik bi urtera, Hobekuntza Legearen eta 2010.eko berrikusketaren bidez. Beraz, ezin da erreproduzitu jada gainditua dagoena. Nafarrek erabakitakoa errespetatzea izango litzateke zuzena. Eta, jakina, euskal sozialistek ez dugu usurpatuko Nafarroako gizartearen eta bere legezko ordezkarien erabakitzeko gaitasuna. Inoiz beste nahiren bat balute, eta hori Konstituzioak aurreikusten du, Estatutu berri batez hitz egin beharko genuke.
4.- Herritarren kategoriak. Atentzioa eman digu, halaber, herritarren arteko kategoriak mantentzeko asmoa hitzekin mozorrotzeko ahaleginak. EAJ tematzen dago nazionalitate eskubide politiko batzuk egon behar direnarekin. Eta Konstituzionalak jada argitu du erkidego bat nazio gisa edo errealitate nazional gisa defini daitekeela, halaxe egin dute, izan ere, hainbat autonomia-erkidegok, baina hortik ezin da herritarrentzat aitortzen denaz bestelako eskubide politikorik eratorri. Bilatzen zaizkion estalkiak bilatzen direla ere, sozialistak ez gara sekula hor egongo, euskaldun guztientzako eskubide eta betebehar berdinen alde baikaude.
5.- Galdeketa loteslea. Galdeketari abizena kendu diote baina funtsari eutsita. Ahalegin nazionalista hutsa da, gehiengo soziala eta legezkotasuna aurrez aurre jartzea, eta berariaz lotuta dago erabakitzeko eskubideari buruz egiten duen aldarrikapenarekin. Horregatik, sozialistok ezin dugu berezko proposamen gisa onartu legezkotasunaren eta pluralismoaren porrot-osagaiak mantentzen dituzten elementu horiek dituen estatutu-erreforma bat. Orain beste taldeei entzuteko zain gara, esan dezaten zer asmo duten egiteko. Jada ez dago adituen atzean ezkutatzerik.
Eta berariaz EAJi eskatzen diogu. Ibilbide honetan sozialistek ahalegin betea egin dugu kontsentsuaren bila, eta EAJk, aldiz, batere ez. Sozialistek hasieratik esan genuen hobe zela Konstituzioa erreformatzetik hastea, zentzu federalari helduta. Besteek ez zuten nahi izan. Orduan, Estatutuaren erreformari heltzea onartu genuen, egungo esparru konstituzionalaren barruan. Eta ez dugu testuan errebindikazio sozialistarik sartu, nazionalistek eta ez nazionalistek parteka genitzakeenak baino ez.
Baina EAJ bere errebindikazio partikularrak, gizarteko zati batenak, jasotzeko ahaleginetan segitzen du. EAJi dagokio behingoz mugitzea. Kontsentsua nahi badu, bilatu egin behar du. Ez dio bere ideiei uko egin beharrik. Bere ideiak guztiok onartuak izan behar izateari, horri egin behar dio uko.
Eta Elkarrekin Podemosek ere ikusi egin beharko du onartzen duen, bere adituak egin moduan, Euskadin identitate bakar bat dagoela, erabakitzeko eskubidea, edo lan-harremanen esparru propio bat, alboratuz sindikatuek negoziazio kolektiboaren alde dituzten oinarrizko errebindikazioak, nazionalismoaren ohiko errebindikazioetara atxikita.
Sozialistok ez ditugu sartu geure ideia federalistak, uko egiten ez badiegu ere. Nazionalistek ez dituzte euren ideia subiranistak sartu behar, haiei uko ez eginagatik ere. Izan ere, eztabaida hau ez da datozen lau urteetarako hauteskunde programa bat prestatzeko. Beste hamarkada batzuetarako elkarbizitza-itun bat izateko da.
Sozialistek oso garbi dugu autogobernua dela pertsonen eskubideak, guztienak, etiketarik erabili gabe, gogobetetzeko tresna. Eta uste dut inork ez lukeela ulertuko eztabaida publiko guzti hau eta xahututako indar guzti hauek alferrerako izatea. Guk ez dugu etsiko. Akordio baten bila segituko dugu.
Badakigu guztiok zer parteka dezakegun. Badakigu, jakin, ahalegin hori bide onera iristeko aukera bat dagoela une honetan, egungo Gorteekin. Eta badakigu oztopo bakarra ezinezkoa den eta guztiok partekatzen ez dugun horretan tematzea dela.
Eskerrik asko. Eta, orain, zuen galderen eskura nago.