partekatu
2025erako Euskal Aurrekontuen proiektuaren izapidetza aurrera doa Eusko Legebiltzarrean, osoko zuzenketak atzera bota ondoren
Ogasun bozeramaileak, Susana Corcuerak, balioa eman die “herritarren beharrei erantzuteko” prestatu diren kontuei. 1.224 milioi euro “kalitateko enplegua sortzera” edo 535 milioi Etxebizitzara zuzenduko dira, alokairu eskuragarriko 7.000 etxebizitza aktibatzeko
2025erako Euskal Aurrekontuen proiektuak beste izapide bat burutu du PP, Sumar eta Vox taldeek Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako osoko zuzenketak eztabaidatu ondoren. Zuzenketa horiek atzera bota dira Eusko Jaurlaritzan diren alderdien gehiengo botoekin.
Ogasun eta Aurrekontuen bozeramaile sozialistak, Susana Corcuerak, Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako dokumentua goratu du, “euskal herritarren premiei erantzunak eta konponbideak emateko prestatutako bide-orria aplikatzeko beharrezko abala” delakoan, “ez oraingoari begira bakarrik, baita lau urte hauetarako etorkizuneko ikuspegiarekin ere”. Horren haritik, Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak inbestidurako bilkuran esandako hitzak ekarri ditu gogora, “garai berri bat zabaltzen da Euskadirentzat, eta erronka garrantzitsuei egin beharko diegu aurre, herritarren aurrerabidea eta ongizatea izanik gure jardueraren ardatza, geure DNAn dagoelako” esan baitzuen.
?15.728 milioi eurorekin, Aurrekontu hauek dira Eusko Jaurlaritzan gure bide-orria ezartzeko eta euskal herritarren premiei erantzuna eta konponbideak emateko abala, ez oraingoari begira bakarrik, baita lau urte hauetarako etorkizuneko ikuspegiarekin ere”.
?️@SusanaCorcueraL pic.twitter.com/Wb1WefCEQc
— Euskal Sozialistak legebiltzar taldea (@gpsv_parlamento) December 10, 2024
Era horretan, Euskal Sozialistentzat giltzarri diren hiru eskakizunen arabera prestatutako kontu batzuk dira, hots: herritarrentzako ongizatean hazi, zerbitzu publikoak indartu, tartean Osakidetza, Etxebizitza, Garraioa eta Hezkuntza, eta kalitateko enplegua sendotuko duten inbertsioak sustatu. Halatan, 15.728 euroko gastuaren aurreikuspenetik, aurrekontuak 9.588 milioi (%60) zuzentzen ditu Osasunera, Hezkuntzara eta Enplegura.
Mikel Torres lehendakariordeak zuzentzen duen Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak 1.224 milioi euro izango ditu, zehazki, 2025ean “kalitateko enplegua sortzeko, hazkunde ekonomikorako eta zerbitzu publikoak indartzeko, eta baita desberdintasunak murrizteko, aberastasuna birbanatzeko, kalteberenak babesteko eta gizarte kohesiorako ere”.
Etxebizitza eta Lurralde Plangintza Sailak, bere aldetik, 535 milioi euro izango ditu, aurten baino %35 gehiago. Sail horren proiektuen artetik, alokairu eskuragarriko 7.000 etxebizitza aktibatzea edo gazteen emantzipaziorako laguntza nabarmentzen dira, alokairurako laguntza-programa batekin. Gaztelagun %478 haziko da.
Euskal Sozialistek kudeatzen dituzten beste hiru sailei dagokionez, berriz, Mugikortasun Jasangarrirako Sailak 567 milioi izango ditu, Justizia eta Giza Eskubideenak 359 eta Merkataritza, Kontsumo eta Turismoaren ia 58 milioi.
Legebiltzarreko eztabaidan, Susana Corcuerak deitoratu egin du PPk eta Sumarrek laster utzi zituztelako Aurrekontuen inguruan akordioak lortzeko elkarrizketak. “Legegintzaldiko aurrenekoak direnez, ahalik arku politiko handienaren konplizitatea bilatu nahi izan dugu, negoziazio-prozesu zintzo batekin eta kontsentsuak zabaltzeko benetako borondate politikoarekin”.
Behin osoko zuzenketak bazterturik, proiektuari aurkeztutako zuzenketa partzialak aztertuko ditu Ogasun eta Aurrekontuen Batzordeak datorren ostegunean. Abenduaren 20ko ostiralean, azkenik, kontuak behin betiko onartuak izango dira euskal Ganberaren osoko bilkuran.