partekatu
Eneko Andueza: “Euskadin benetako industria-politika bat garatzeko bitartekoak jarriko ditugu”
Mario Onaindia Fundazioaren ekitaldi batean, PSE-EEko idazkari nagusiak esan du aldaketa baten beharra dagoela Euskadi hel dadin industriaren eta zerbitzu aurreratuen %40ko BPGren helburura
Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiaren esanetan, Euskal Sozialistek Euskadi eraldatzeko defendatzen duten gidoi aldaketak benetako industria-politika bat garatu ahal izateko bitartekoak jarriko ditu. “Benetako industria-politika baten beharra dago Euskadin. Norabide zuzena emanez eta azterketa zorrotza eginez. Industriaren eta zerbitzu aurreratuen %40ko BPGa benetan gainditzea nahi badugu, bizkor ibili beharra dugu. Bitartekoak jarri behar dira, eta horretan saiatuko gara sozialistak”, esan du.
Anduezak esan Euskadik iraganean askotan jakin izan duela berrasmatzen. “Eta sinetsirik gaude berriz ere egin dezakegula”, adierazi du. Lehendakaritzarako hautagai denaren iritziz, “garai berrietan eta arazo berriekin” gaude. Horren harira, esan du politika publikoek konponbide berri batzuk ekarri behar dituztela herritarren eskari eta kezkei erantzuteko, eta desberdintasunen areagotzea, Ongizate Estatua ezbaian izatea edo populismoen gorakada eta horrek demokrazientzat dakarren mehatxua aipatu ditu.
Fundazioak “Sozialdemokraziaren erronkak” izenburupean argitaratu duen Grand Place aldizkariaren ale berriaren aurkezpenean, buruzagi sozialistak nahigabea adierazi du euskal ekonomia ez dagoelako, “urrunetik ere”, garai bateko lidergo posizioetan. “Gero eta zailtasun gehiago dugu behar diren profil profesionalak aurkitzeko, eta egiturazko arazoak ditugu enpresen ondorengotza, enpresen tamaina eta erabakiguneen galera bezalako gaietan”, adierazi du.
Euskadik Patxi Lopez Lehendakariaren Gobernuari esker I+G+b alorrera BPGren %2 baino gehiago lehen aldiz nola zuzendu zuen ekarri du gogora Eneko Anduezak. Eta esan du proiektu sozialistak handitu egin nahi duela ekonomiaren lehiakortasuna eta jendearen ongizatea areagotzea helburu duen ikerketarako eta garapenerako gastua.
PSE-EEko idazkari nagusiak, era berean, esan du Euskadi ez dela “gure garaiko eraldaketekin zerikusirik ez duen irla bat”, izugarri zaharkitzen ari den gizarte baten erronka demografikoa aipatuz. Eta prozesu horrek lan-merkatuan edo pentsioen sisteman sor ditzakeen ondorioak nabarmendu ditu. “Hemendik 2030era, populazio egonkorra izango dugu, 2 milioi biztanle ingurukoa, baina 110.000 pertsona gutxiago izango ditugu lan egiteko adinean eta erretiroa hartutako 150.000 pertsona gehiago”, ohartarazi du.