partekatu
Eneko Andueza: “Sozialistak erabakigarriak izango gara hurrengo Eusko Jaurlaritza politika sozialetara zuzen dadin”
PSE-EEko idazkari nagusiak Espainiako Gobernuarekin kogobernantzan aritzearen alde azaldu da Felix Bolaños ministroarekin batera ekitaldi batean, “eskumen bat gehiago edo gutxiago harramazkatu nahian” dabiltzanei kontrajarrita.
PSE-EEko idazkari nagusiak, Eneko Anduezak, esan du PSE-EE protagonista izango dela apirilaren 21eko hauteskundeen ondoren, eta “erabakigarriak” izango direla hurrengo Eusko Jaurlaritza politika sozialei, eta ez identitate auziei, emanik egon dadin. “Sozialistak erabakigarriak izango gara hurrengo Eusko Jaurlaritza politika sozialetara zuzen dadin”, adierazi du. Eta hau erantsi du: “Helburu nagusia haztea eta indartsuagoak izatea da, frogatuta dago sozialismoak zenbat eta pisu gehiago izan gobernu batean, hobeto doakiela herritarrei. Bai Espainian, bai hemen, Euskadin”, azpimarratu du.
Bilbon Felix Bolaños Presidentzia, Justizia eta Gorteekiko Harremanetarako ministroaren eta Patricia Campelo euskal hauteskundeetarako Bizkaiko bigarren zerrendaburuaren parte-hartzearekin burutu den ekitaldi politiko batean, lehendakarigaiak erakunde ezberdinen arteko lankidetza defendatu du euskal populazio osoarentzako ongizate handiagoa lortzeko helburuarekin, eta Pedro Sanchezen Exekutiboarekin etengabe norgehiagoka aritu nahian direnen jarrera kritikatu du.
Horien jarrera sozialistek euskal autogobernuak eskaintzen dituen tresnei ahalik etekin handiena ateratzeko erakusten duten jarrerarekin alderatu du. “Ez gaitu kezkatzen eskumen bat gehiago edo gutxiago harramazkatzeak, egun dugunari etekinik handiena ateratzea baizik. Osasunaren kalitateak eta hezkuntza sisteman gure seme-alabek dituzten emaitzek kezkatzen gaituzte”, adierazi du.
“Sozialistak erabakigarriak izango gara hurrengo Eusko Jaurlaritza politika sozialetara zuzen dadin”.
?️ @enekoandueza #AldatuGidoia pic.twitter.com/xwKP5HRQKb
— Socialistas Vascos - Euskal Sozialistak / ❤️ (@socialistavasco) March 14, 2024
Lehendakariak adierazi du Euskadik “Espainia moderno, aurrerakoi nola eraldatzailearen ispiluan” begiratu behar duela, politika aurrerakoiak euskal gizartearen esparru guztietara hel daitezen. “Horixe da herritarrentzako gure eskaintza, horixe da gure bidea Euskadi nahi dugun herrialdean bihur dezagun. Berdintasuna, aniztasuna eta pluraltasuna garaikur dituen Euskadi bat. Guztiontzako Euskadi bat, bigarren mailako euskaldunik gabe”, adierazi du.
Buruzagi sozialistak ohartarazi du EAJ eta EH Bildu “nahastuta” dabiltzala nor abertzaleago den erakutsi nahian “oinak lurrean edo zeruan direla”, eta bi alderdi politikoak euskal herritarrei balio ez dieten diskurtsoak saltzen ari direla. “Euren proposamen bakarrak independentzia du izena. Ezazue gehiago itxaron haiengandik, batzuk ez daudelako eta besteei itxaron ere ez zaielako”, esan du.
“Gogoratzen duzue egin duten proposamen esplizituren bat, errealen bat?”, galdetu du. Euskadirentzat edukiz eta konponbidez hustutako estrategia horri kontrajarrita, sozialistek jendearen bizi-kalitatea hobetzeko dituzten proposamen batzuk aipatu ditu PSE-EEko idazkari nagusiak, adibidez, Osakidetzan 2.000 profesional berri hastea, 26 urtetik beherakoentzat eta langabetuentzat garraio publikoa doan izatea, Gizakidetza zainketa-eredua martxan jartzea edo Eusko Jaurlaritzan berdintasunerako zeharkako politikak gauzatzea, Emakunde berriz ere Lehendakaritzan sartuta.