partekatu
Eneko Andueza: “Aurrekontu hedakor batzuk behar ditugu, Gobernu Akordioari erantzuten diotenak”
Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak, lehendakariarekin izandako bileraren ondoren, esan du kontuak hazi egin behar direla euskal gizarteak aurre egin behar dien erronkei erantzuteko
Estatutuaren erreforma alderdi politikoen artean jorratu behar dela gogoratu dio Pradalesi
PSE-EEko idazkari nagusiak, Eneko Anduezak, 2026rako euskal Aurrekontuen negoziazioan kontu hedakorrak nagusitzea espero duela esan dio Imanol Pradales lehendakariari, euskal ekonomiari bultzada emateko eta erronka erabakigarriei aurre egiteko, adibidez, mugikortasun jasangarria hobetuko duten garraioko azpiegitura berriak martxan jartzea edo etxebizitzarako aukera, biak ala biak sozialisten ardurapean direnak. “Lehendakariari helarazi diot Aurrekontu hedakor batzuen beharra, Gobernu Akordioari erantzungo diotenak”, adierazi du komunikabideen aurrean egindako agerraldian.
Euskal Presidentetzaren egoitzan, hots, Lehendakaritzan egin duten bileran, “Gobernu honen bide-orria aurrerakoia” dela gogoratu du Anduezak, eta sozialistek “hori kontu egoki batzuekin bat etorriko direla” espero dutela. “Negoziazioa aurreraturik dago, eta pozik irtengo dugunaren itxaropena dugu”, adierazi du.
Buruzagi sozialistak kezka adierazi du nazioarteko ezegonkortasunak Euskadiko ehun ekonomikoarentzat ekar dezakeen inpaktuaren aurrean. “Trumpen muga-zergak, Frantziaren eta Alemaniaren egoera ekonomikoa edo Ukrainako gerra ez dira agertokirik onenak gure enpresentzat, gure langileentzat zein gure enpresarientzat”, ohartarazi du.
Gaur arratsaldean Pradales Lehendakariarekin bildu naiz PSE-EEren eta EAJren arteko koalizio-gobernuaren legegintzaldiko bigarren urtealdi politikoaren hasiera aztertzeko.
Euskal Aurrekontuei dagokionez, guk ikusten dugun premiatasuna helarazi diogu Lehendakariari... pic.twitter.com/eXdsIIw967
— Eneko Andueza (@enekoandueza) September 8, 2025
Muga-zergen “ondorio negatiboak saihesteko neurriak” martxan jartzearen garrantzia azpimarratu du Eneko Anduezak egoera global korapilatsuari aurre egiteko. “Honetan ados geunden lehendik ere. Horretaz hitz egin genuen hemen bertan, Lehendakaritzan, izan genuen azken bileran”, adierazi du Pradalesekin uda aurretik izan zuen azken bilera gogora ekarriz.
Estatutu berriaren inguruko elkarrizketei buruz, berriz, Anduezak esan du alderdi politikoen artean jorratu beharko direla, sozialistek eta nazionalistek Gobernu Akordioan jaso zuten bezala, eta horixe gogoratu dio lehendakariari.
Pradalesek gai hori sartu du urte politikoa abiatzean Legebiltzarreko alderdiekin ekindako txandan jorratu beharrekoen artean. Alabaina, PSE-EEk zein EAJk Estatutuaren erreformari buruzko eztabaidak Gobernuko kideen harremanei eragin diezaiekeela esan dute azken urteotan, ikusirik bi alderdiek hasieratik dituzten aldeak. Hori dela eta, nahiago izan dute gaia alderdien edo taldeen artean jorratu Eusko Legebiltzarrean.