partekatu
Eneko Andueza: “Gainerako Espainiarekin harreman positibo bat bultzatuko duen eta eutsi eta tati egitearen politika baztertuko duen Estatutu bat nahi dugu”
Erkidegoko arauaren berrikuspena “irizpide sozialekin eta eskubideen berdintasunean urratsak emanez” egin behar dela nabarmendu du PSE-EEko idazkari nagusiak 10. Kongresuaren ponentziaren aurkezpenean
“Badugu indar instituzionala, erronka nagusiei erantzuteko legeak. Orain zer? Euskadi gehiago” adierazi du Pau Blasi Azterlan eta Programen idazkariak

PSE-EEko idazkari nagusia, Eneko Andueza, identitate auzietatik urrundurik eta azken 45 urteotan konkistatutako eskubide sozial guztiak blindatzera zuzendua den Gernikako Estatutu bat berritzearen alde azaldu da. Anduezarentzat, testuaren modernizazioak erakundeen artean ulertze eta leialtasun giro handiago bat lortzen lagundu behar du, eta euskal herritarren bizi-kalitatea hobetzeko balio behar du. “Gainerako Espainiarekin harreman positibo bat bultzatuko duen eta eutsi eta tati egitearen politika baztertuko duen Estatutu bat nahi dugu”, adierazi du.
PSE-EEk Donostian otsailaren 14tik 16ra bitartean egingo duen 10. Kongresuko ponentzia politikoaren aurkezpenean, Anduezak adierazi du Euskadik “leialtasunean eta elkarrekiko konfiantzan oinarritutako harreman-mekanismo batzuk ezarri ahal eta behar dituela bere autogobernua gauzatzean”. Eta esan du koiuntura berriak gainerako Espainiarekin konfiantza eta ulermen giro handiago bat sortzeko balio dezakeela.
Buruzagi sozialistaren esanetan, elkarrizketen bidez eman behar zaio zerga arloko araudi-eskumena Eusko Legebiltzarrari, aberastasuna banatzeko diru-erabilerarik handiena erabakitzen duen erakundea den aldetik. Anduezak. halaber, udal ahalmen publikoaren “berariazko aitortzaren” alde azaldu da, tokiko ogasunek duten askitasun, ekitate, autonomia eta zerga-erantzukizunaren printzipioak kontuan hartuta.
Eneko Anduezak Pau Blasi, hots, ponentzia idatzi duena, eta hori egiten lagundu duten beste pertsona batzuk –Estibaliz Canto, Patricia Campelo, Aroa Jilete, Ekain Rico eta Itxaso Asensio– izan ditu ondoan aurkezpenean, eta 2021ean Idazkaritza Nagusia hartu zuenetik PSE-EEko buru bezala bete izan duen bere etaparen analisi bat egin du. “Goranzko joerari eutsi diogu eta emaitza bikainak lortu izan ditugu egin izan diren hauteskunde guztietan”, adierazi du.
Gure gizarteak aurrean dituen erronka berriei aurre egitearen garrantzia ere azpimarratu du PSE-EEko idazkari nagusiak, esaterako larrialdi klimatikoa, aro digital berria edo erronka demografikoa. Anduezaren arabera, hori guztia munduko ordenan gatazka belikoengatik eta totalitarismoaren gorakadagatik gertatu diren eta gertatzen ari diren aldaketa guztiei begia kendu gabe egin behar da.
Euskal Sozialistak indartsuago gaude erakunde guztietako gobernuetan, baina, garrantzitsuago dena, ikusten goaz gure proposamenek markatzen dutela euskal politikaren erritmoa arlo soziosanitarioan, enpleguan, turismoan, etxebizitzan edo mugikortasun jasangarrian… pic.twitter.com/d5Hne4MO0L
— Eneko Andueza (@enekoandueza) December 17, 2024
“Erronka eta zailtasunen ingurune horretan, euskal sozialistek eredu berri bat bultzatzea proposatzen dugu Euskadiren hazkunderako, erronka horiek guztiek sortuz doazen nitxo berriak baliatuz, esaterako, ingurumen arloan edo osasunaren edo zainketaren arloetan”, adierazi du.
Pau Blasi Azterlan eta Programen idazkari eta ponentziaren erredaktore eta koordinatzaile denak PSE-EEren helburuak zein diren azaldu du euskal gizartea aurkitzen den egoeraren analisia egin ondoren eta erakunde ezberdinetako gobernu-programen eragin eta orientazio aurrerakoia ikusita.
“Diagnostikoa egin dugu, arazoak hautemanak ditugu, indar instituzionala dugu eta baita gobernu-programek ezartzen diguten orientazioa ere. Legez onartuta diren (Aldaketa Klimatikoaren Legea, Hezkuntzaren Legea, Etxebizitzaren Legea, Enpleguaren Legea, DBEren erreforma…) tresna nagusiak ere baditugu. Orduan, orain zer? Bada, hori da ponentzia honek erantzun nahi duen galdera. Bada, orain, Euskadi gehiago”, adierazi du.
Pau Blasik adierazi duenez, “ibilbide oso hori eta gaitasun guzti hori benetan axola zaigunera eta jendearen bizitza hobetzera, daukagun hazkunde ekonomikoa etxe guztietara hel dadin pertsonei laguntzera, etxebizitza duin baterako sarbidea bermatzera edo klimaren aldaketa borrokatzera, errentagarritasun ekonomikoak bakarrik pentsatu gabe” erabiltzeko unea dela proposatzen du ponentziak.
“Uste dugu Euskadin eta euskal herritarrengan zentratzeko unea dela. Eta horri emango gara datozen lau urte hauetan”, adierazi du ponentziak fokua enpleguko politiketan, gizarte-zerbitzuetan, edo kalitateko Osasungintza eta Hezkuntza batean jartzen duela azpimarratuz, hazkunde-eredu berri batekin. Eta sozialisten ekintza politikoan protagonismoa izango duten beste arlo batzuk ere aipatu ditu, hala nola hirigintza integratzailea, mugikortasun jasangarria, migrazio- eta harrera-politikak edo memoriari buruzko politikak.