partekatu
Euskara ezin da Administrazioan sartzeko edota promozionatzeko oztopo izan

Euskal Sozialiston ustez, behar-beharrezkoa da Euskal Administrazioan dauden lanpostuen zerrendaren eta horien hizkuntza-eskakizunen esleipenaren inguruan berriz pentsatzea. Bi helburu lortzeko egin nahi dugu hori: langile guztiei exijitu behar zaie lanpostuan benetan behar duen hizkuntza-eskakizuna, eta Administrazioak ahalik eta ondoen baliatu behar du giza kapitala, eta ez dio oztoporik jarriko profesional baliodunak promozionatzeari lan egiteko behar ez duen euskara maila bat exijitzeagatik.
Lanpostu bakoitzari esleitutako hizkuntza-eskakizunak, egun, oztopo bat dira Administrazioan lan egin nahi duen eta euskara menperatzen ez duen euskal herritarren sektore zabal batentzat. Gure ustetan, hizkuntzak ezin du diskriminatzeko elementu izan Administrazioan sartzeko orduan. Hori dela eta, sistema berriz pentsatzearen aldekoak gara. Horretarako, zenbait hizkuntza-baldintza finkatuko ditugu eremuak eta kategoriak aintzat hartuta, eta biztanleekin exijentziekin bat etorriz.
Gure hauteskunde-programak helburu horiek guztiak jaso ditu; hortaz, euskal gizarte osoak jakin dezan zer pentsatzen dugun Euskal Sozialistok, bideo bat egin dugu arazo larri horren inguruan eta konplexurik gabe horri ekiteko beharrari buruz; dena dela, euskararekiko, gure hizkuntzarekiko, konpromisoak sendoa izan behar du beti, askatasunez euskaraz hitz egin, partekatu eta bizi nahi dugulako.
Bideoan zenbait egoera ironiaz irudikatzen dira: pertsona batek ezin du tabernan, futbol-partidu batean, bulego batzuetan, elizan, autobusean edo denda batean sartu. Amaierako irudietan Eusko Jaurlaritzak Lakuan duen egoitza eta Bilboko Bizkaia plazan duen egoitza agertzen dira.
“Egia da, euskara ez jakiteagatik sartzen ez uzteko arazo hori ez da Euskadin gertatzen. Leku batean soilik gertatzen da, Administrazioan. Egoera bidegabea da eta horrekin amaitzeko konpromisoa hartu dugu gain. Aukera-berdintasuna oso euskaldun izan behar den zerbait dela uste dugulako”, azaltzen du off ahotsak.