partekatu
Idoia Mendia: “Autogobernua aurrera doa, eskubideak handitzen doaz eta herritarrek konponbideak dituzte sozialistek Espainian eta Euskadin gobernatzen dutenean”
PSE-EEko idazkari nagusi eta lehendakariordeak, Idoia Mendiak, esan du badela gobernatzeko era bat zigilu sozialistarekin, euskal herritarrentzat ona dena, akordioak ekarri eta konponbideak eskaintzen dituelako. Eta positiboa iruditu zaio Pedro Sánchezek Espainiako Gobernuaren buru izaten jarraituko duela jakitea, PSE-EE Eusko Jaurlaritza osatzen egotea ere positiboa den moduan, bai presidenteak bai Euskal Sozialistek erakutsi dutelako Gernikako Estatutuarekin eta hori betetzearekin duten konpromisoa.
“Gaurko jardunalditik, nik ondorio garbi bat atera dut: bada zigilu sozialista duen gobernatzeko era bat. Eta frogatuta dago hori dela onena herritarrentzat. Pozten naiz Pedro Sánchezek gobernatzea Espainian, eta baita gobernatzen jarraituko duela jakiteak ere. Berri ona da hori, berri ona den bezala sozialistok Eusko Jaurlaritza osatzen egotea. Orduan egiten duelako autogobernuak aurrera. Orduan lortzen dira akordioak, handitzen dira eskubideak, eta eskaintzen dira konponbideak jendeari", adierazi du.
Idoia Mendia Miquel Iceta PSCko lehen idazkari eta Lurralde Politikako ministroarekin bildu da gaur, Transferentzien Batzorde Mistoaren bilera –besteak beste, presondegien kudeaketa eskualdatzea sinatu da– izan eta gero. Bileran izan dira, halaber, Mikel Torres eta Eneko Andueza lurraldetako idazkariak, Miguel Ángel Morales eta Begoña Gil PSE-EEko zuzendaritzako kideak, Patxi López lehendakari eta PSOEren Lurralde Politikako idazkaria, Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua, eta Denis Itxaso Gobernuko ordezkaria.
Buruzagi sozialistak hitzordu berri batzuk iragarri ditu etorkizun hurbilerako, akordioak lortzen jarraitzeko. “Bide horretan segituko dugu. Sozialistek abantaila handi bat dugulako. Hizkuntza bera hitz egiten dugu. Katalanez, euskaraz nola gaztelaniaz, akordioaren hizkuntza partekatzen dugu aniztasuna kudeatze aldera. Pluralak gara Euskadin eta Espainia osoan. Eta pluralismoarentzat ez dago arerio handiagorik sektarismoa eta inposizioa baino”, azpimarratu du.
Miquel Icetak, bere aldetik, Alfredo Pérez Rubalcaba izan du gogoan, esanez hura gabe ez zatekeela posible izango presondegien transferentzia, eta terrorismoaren biktimen memoria aipatu du. Presondegietako funtzionarioen lana ere azpimarratu du, horietako zenbait ETAren biktimak izandakoak, eta presoen gizarteratzeko GKEren lana goretsi du. “Guk eutsi egingo diogu Estatutuaren aldeko konpromisoari, konpromiso horrekin jarraituko dugu, nahiz eta geratzen dena izan zailena”, adierazi du, Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoari berariaz aipu eginez. Eta txertaketaren politikan Pedro Sánchezek erakutsitako lidergoa, susperraldi ekonomikoa, Europako funtsen gaineko erabilpen “zuhurra” eta gizarte-politika “indartsua” ere nabarmendu ditu.