Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.
Adi egon! Adi egon!

Martxoa 2024

AL AR AZ OG OR LR IG
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30 31
Itxi
PSE EUSKADI

PSE-EE PSOE Socialistas Vascos

Berriak

partekatu  partekatu

Idoia Mendia: “Onartezina da edozein mehatxu eta gorrotoa bultzatuz mespretxatzen den edozein argudio"

PSE-EEko idazkari nagusi eta lehendakariordeak sozialistek terrorismoaren aurrean izandako erresistentzia eta Euskadiren alde egindako lana azpimarratu du Portugaleteko atentatuan Maite Torrano eta Félix Peña erail izana gogoratzen dituen Ramón Rubial Fundazioaren dokumentala aurkeztean.

1. argazkia
Presentación del documental de la Fundación Ramón Rubial que recuerda los asesinatos de Maite Torrano y Félix Peña en el atentado de Portugalete Foto: Socialistas Vascos

PSE-EEko idazkari nagusi eta lehendakariordeak, Idoia Mendiak, “onartezintzat” jo du pertsonenganako edozein mehatxu, baina baita horren larridura gutxitzeko eta gorrotora bultzatzeko estrategia politikoa ere. Grande-Marlaska ministroaren, Guardia Zibileko zuzendariaren eta Pablo Iglesias Elkarrekin Podemosen hautagaiaren aurka gutun bidez egindako mehatxuen aurrean eta horiei buruz izan diren erreakzio politikoak gogoratuz, Idoia Mendiak "ezberdina dena akabatzeko” saialdiez ohartarazi du.

 

“Orain inork baino hobeto dakigu ez dela bakarrik onartezina pertsonenganako edozein mehatxu. Onartezina da ere mehatxua mespretxatzen duen edozein argudio, ezberdina akabatu nahi duenari hauspoa emango dion edozein aitzakia. Onartezina izan zen iraganean, eta halaxe da orain ere. Gerarazi egin behar da jomugan jartzera eta gorrotora bultzatzen duen edozein jarduera. Gure kondenarik irmo eta erradikalena jazarpen politikoari eta hori justifikatzen dutenei. Gure elkartasunik behinekoena gaur hori pairatzen dutenei”, adierazi du.

Idoia Mendiak, halaber, terrorismoaren aurrean Euskal Sozialistek izandako “erresistentziarako ariketa itzela” aldarrikatu du, eta baita askatasunen defentsa Euskadi eraldatzeko lan politiko eta instituzionalarekin bateratzeko ere. Eta prozesu horretan sozialistek duten protagonismoa azpimarratu du Ramón Rubial Fundazioaren El tiempo que nos tocó vivir (Bizitzea egokitu zitzaigun garaia) dokumentalaren aurkezpenean. Dokumental horretan, 1987. urtean Portugaleteko Herriko Etxeak izandako erasoa eta Maite Torranoren eta Félix Peñaren erailketa ekartzen da gogora.

“Norbaiti arrangura sorraraziagatik ere, Sozialismoa askatasuna da. Askatasun horren ezbairik gabeko protagonistak gara, gaur egun hori kendu nahi digutenik ere baden arren. Euskal Sozialistak lehen pertsonan gara protagonistak. Gure herriko etxeetan bizi eta jasan izandakoa da ibilbide horren adierazgarri. Eta halaxe da zeren, barruan bizi eta jasan izandakoagatik ere jakin izan genuelako kanpoan, gure kale eta herrietan, zegoen Euskadi hura eraldatzen”, adierazi du.

Buruzagi sozialistak duela 34 urteko apirilaren 26 hartan “denboran luzatutako sufrimendu alferrikako eta bidegabea” aipatu du. Portugaleten bizi izan zen horren adierazpenik gordinenetakoa, molotov koktelekin egindako eraso baten ondorioz bi militante sozialisten heriotza eta beste seiri zauriak eragin zizkietenean.

“Portugaletetik bidali nahi izan gintuzten. Eta, gaur ere, portugaletetar gehiengoaren konfiantzarekin jarraitzen dugu. Euskadik bidali nahi izan gintuzten. Gaur bertako erakunde guztiak gobernatzen ditugu. Horixe da egia. Akabatu nahi izan gintuztela, eta ez zutela lortu. Guk irabazi genuen, euskaldunek irabazi zuten. Denboran luzatutako sufrikarioa, alferrikakoa izateaz gain, bidegabea izan zen. Inorekin sesiotan hasteko asmorik gabe diot. Horixe da egia”, adierazi du aurkezpenean. Eider Gardiazabal Ramón Rubial Fundazioaren presidenteak eta Mikel Torres Bizkaiko PSE-EEko idazkari nagusi eta Portugaleteko alkateak ere parte hartu dute bertan.

Idoia Mendiak Gorka Etxabe hil berria gogoratu du (zauritutako bat izan zen Paco Etxaberen anaia), eta dokumentala une esanguratsu batean estreinatzen dela azpimarratu du, urrian 10 urte beteko direlako ETA amaitu zenetik, alegia terrorismoaren garaipenetik, gobernu sozialista bat dela agintean, bai Euskadin bai Espainian.

Aulki hauxe da #Portugalete-ko Herriko Etxeak duela 34 urte jasan zuen atentatutik geratu zen gauza bakarra. Oroitzapen mingarria, Felix Peñaren eta Maite Torranoren bizitzak eraman zituelako, baina baita harrotasunerako gomuta ere, hainbeste alderdikideren erresistentzia ariketagatik. pic.twitter.com/c9WUMExj4l

— Idoia Mendia (@IdoiaMendia) April 25, 2021

“Aurten hamar urte betetzen dira gure bizitzak inork babesten egon beharrik gabe berreskuratu genituenetik. Ospatzeko motibo asko ditugu urrian”, esan du, Félix Peña eta Maite Torrano “ez zeudela inongo gerran sartuta” gogora ekarriz. “Bizitzen ari ziren, euren lagunekin zeuden, nahi zuten tokian zeuden. Pertsona askeak ziren eta, askeak zirelako, hil egin zituzten. Sozialistak izateko eta sozialistekin harremantzeko askatasuna hartzeagatik. Beste hainbat alderditan beste hainbatekin gertatu bezala. Epaileak, enpresariak edo kazetariak, kasu. Horregatik, ETArekin amaitu genuenean askatasunak irabazi zuen. Guztienak”, esan du.

Lan eta Enpleguko sailburu ere denak sozialistek Euskadin izandako 135 urteko ibilbidea gogoratu du. Jazarriak izan ziren horietako asko, baina beti eskubideen eta askatasunen defentsan aritu ziren, dela borroka sindikalean, dela frankismoaren diktadurari aurre egiten, dela terrorismoaren aurrean: “Egia mingarria da, baina sozialisten indarra erakusten digu. Euskal historiako azken 135 urteetan protagonista bilakarazi gaituena. Eta etorkizuna zedarritzen diguna”.