partekatu
Idoia Mendiaren hitzaldia urteko balantzeari eta 2019rako aurreikuspenei buruzko prentsaurrekoan
Egun on guztioi. Egunon guztioi. Eta mila esker urte amaierako agerraldi honetara etortzegatik. Abendua da atzera begiratzeko garaia, eta uste dut begirada honetan, argiak ilunak baino geihago direla.
1.- EGONKORTASUN POLITIKOA ETA GIZARTE KOHESIOA
Eskerrik asko 2018ko azken txanpan egin dugun deialdiari erantzuna emateagatik. Esan bezala, urte honetan berri onak izan ditugu euskal sozialismoan lan egiten dugun guztiok.
- Aurten langabetuen kopuruak behera egin du, eta okupaziorik duten pertsonena hazi da.
- Gutxika bada ere, emakume gehiago sartzen ari gara lan-merkatuan, bai eta langabezian denbora luzez egon diren hainbat pertsona ere.
- Arrakastaz egin diogu aurre lan-prekarietateari.
- Familia gehiagok etxe bat izatea lortu dugu.
- Eta gaur pertsona gutxiagok behar dute DSBE.
Gobernatzen ditugun erakundeetan herritarren lehentasunei erantzuna ematen ari garelako lortu dugu hori guztia. Eta hori lortu dugu gure gobernu-akordio guztien oinarrian egonkortasun politikoaren eta gizarte-kohesioaren alde egin dugulako.
Aurten gure etorkizunerako hainbat gauza garrantzitsu gertatu dira:
- Lehenik, Espainiako Gobernuaren aldaketak ekarri zuen itxaropen-aldia, berritze politikorako eskakizun handiaren erantzun gisa.
- Bigarrenik, botoak besteen aurka agertzeko eman eta eraikitzeko botoak batzeko gai ez direnen ahultasuna.
- Eta, hirugarrenik, aipatu nahi dut gure demokraziaren euskarriak kolokan jartzen dituzten mugimendu ezberdinen gorakada.
Hiru gertakari horiek, kalean egin diren bestelako mobilizazioekin batera, politikaren bi aurpegiak islatzen dituzte. Izan ere, egiaztatu da sozialismoa lotuta dagoela adierazpen jendetsuekin, hala nola pentsio duinen edo benetako berdintasunaren eskakizunarekin.
Eta frogatu da auzi horien oztopo nagusia osatzen dutela pankartan geratzea nahiago dutenen interesek. Gaur egun, konprobatu behar da itxaropenaren aro berria sortzeko Pedro Sánchezen zentsura-mozioa babestu zutenek ea hori egin zuten herritarrengan pentsatuz. Ea eguneroko arazoetan, gizarte gisa aurretik ditugun proiektu estrategikoetan eta arazo politikoak konpontzeko ezinbestekoa den elkarrizketan pentsatuz egin ote zuten.
Izan ere, Espainiako eta Euskadiko politikan egiaztatzen ari da antipolitika ezarri dela, kontra egiteko botoena, blokeatzearena... egiaren aldeko politikaren aurrean, alegia, gizarte-eskubideak finkatu eta hedatzeko indarrak batzeko planteamendua egiten duenaren aurrean.
Ez du askorako balio tribunara igotzeak herritarren edozein eskakizunekin eta hura lortzeko akordioak egitea baldin eta, ondoren, hura ahalbidetuko luketen partidei boikot egiten bazaie.
Ez du askorako balio sare sozialetan planteatutako ekimenekin harro agertzeak baldin eta itxurak emateko baino ez bada egiten; herrialde honetako pertsonen bizitza aldatuko ez badute.
2.- EUSKAL AURREKONTUAK
Eta horixe gertatu da euskal aurrekontuekin. Gizarteak ikusi du proiektu hori etorkizuneko mitinetarako erakustoki gisa erabili nahi zutenek porrot egin dutela. Baina bozkatzeko unea iritsi bitartean, zer aurkeztu ahal diete herritarrei?
Gogora ekarri beharra dago Euskadin ez dagoela gaur egungo Gobernuak eskaintzen duen proiektuaren ordezkorik.
Ez dago duela bi urte Legebiltzarrean proiektu hori bozkatu behar izan genuenean horietako batek 37 eserleku batu zituelako, eta, besteak, ostera, 18. Eta debate horretan esan nuen. Esan nuen bagenekiela gutxiago ginela, baina hori pizgarri bat zela alderdi denekin akordioak egiteko, betorik eta bazterketarik gabe, gure gobernu-programa hobetzeko gai guztiei zegokienez. Esan nuen denok zenbatu behar genituela ondo eserlekuak, erabakitzeko nola erabiliko genituen, nola egin nahi genituen erabilgarri, txarto pasatzen ari den jendearen, enplegu bila ari direnen edo lan-baldintzak hobetu nahi dituztenen bizitzan nola eragin nahi genuen... Eta, halaber, esan nuen bi aukera genituela: batzeko erabiltzea edo blokeatzeko batzea.
Egia esateko, bi urte hauetan islatu dira Legebiltzarrean, askotariko gaien akordio handiekin eta ezberdinekin, eta Gobernuari lagundu genionok ia horietan guztietan parte hartu dugu. Eta, egia esateko, akordioen dinamika hori desegin da hauteskundeak iristen ari zirenean. Eta emandako arrazoiek ez dute batere loturarik izan kontuekin.
Zenbakiekin jantzi dira, baina argi eta garbi esan dute:
- Elkarrekin Podemos oraindik ari da bere izaera bilatzen, bere ordezkariak nor izan nahi duten galdetzen diote beren buruei, eta, eserlekuetan eman dituzten egun guztietan urrundu dira ustez ordezkatzen duten jendearengandik. Akordioak egiteko beldurraren botoa ordezkatzen dute.
- PPk erabaki du Euskadin eragin handiko alderdia izateari uztea, EAJrekin auziak zituelako: traizio eta jeloskortasunezko istorioa, herritarrentzako batere erabilgarria ez dena. Errebantxaren botoa.
- EH Bilduk erabaki du bakarrik arduratuko dela eskubide nazionalez, ez berriz, eskubide sozialez; zenbait astez beren benetako nahi politikoa zuritzen saiatu badira ere. Autogobernuaren ponentzian malgutasun handia dutela azaldu dute, baina funtsezko kontuetan, ordea, malgutasunik eza. Subiranotasunaren botoa.
Beldurra, errebantxa eta subiranotasunak itun estrategikoa egin dute oposizioan hauteskundeetarako kanpainak prestatzeko eta hainbat kontuz ahazteko: gazteen emantzipaziorako planez, soldata-aldeari aurka egiteko planaz, enplegatu publikoen soldaten zenbatekoa berreskuratzeaz, eskualde ahulenentzako xedatutako neurriez...
Parte hartzen dugun Gobernuak egiaztatu du, aurtengo datu guztiek agerian uzten dutenez, bere proiektua erabilgarria zela ekonomia eta gizartea leheneratzeko. Oposizioak, bitartean, Legebiltzarrean astero erabakitako kontuak gauzatzeko tresnarik onena baztertzea erabaki du.
3.- EAJ-BILDU AKORDIOA
Eta, horren eraginez, etorkizun bikaina lortzeko itunak egiteko gai direnek baina denontzako erabilgarria den orainaldirako akordioak egiteko gai ez direnek gogoeta egin beharko lukete.
Autogobernuaren ponentzian lan handiak egin eta gero, gehiengo nazionalistak uste du lur honen etorkizunerako egin duten proposamenik onena iraganeko eginbideak direla: herritarrak eta nazionalak ezberdintzea, adostutako lege-prozedurak baztertzea eta zalantzez beteriko testuinguruak eragitea.
Erabaki horren inguruko argudio ezagunak ez ditut berriz aipatuko. Nire alderdia gai hori berriz bideratzen saiatuko da, pluralitatea eta bizikidetza bermatzen dituen proposamena lortu arte. Proposamen hori erabilgarria, bideragarria eta legearen barrukoa izan behar da, eta herritarrek ikusi behar dute beren bizi baldintzak hobetzeko balio duela.
Baina horren inguruan adierazi nahi nuen, legealdiaren erdia igarota, agerian geratu dela gaur egungo Gobernuan parte hartzeko sozialistok hartu genuen erabakia ona izan zela; haren bitartez, Euskadi mende honetako erronketarako prestatzeko eta jardun ekonomikoari laguntzeko eta zerbitzu publikoak indartzeko ekimenak abiarazi genituen eta.
Erabaki sozialista bikaina izan da eta, hari esker, Euskadiko Gobernuak ez ditu iraganeko akats berdinak egin. Hari esker, baretasun-aroa dugu. Eta herritarrek jakin dute beren kontuez arduratzen ari zirela, nazionalistei eta ez-nazionalistei eragiten dieten kontuez, alegia.
Eta lasaitasun hori posible izan da euskal gizarteak jakin duelako ez zela abiaraziko egonkortasun ekonomikoa eta soziala arriskuan jarriko zituen ekimenik.
Gaur egun, ez dago Euskadin gehiengo alternatiborik.
Ez dago alternatibarik Gobernuak duen proiektuari.
Badakigu Parlamentuan gutxiengo garela. Aurrekontuen inguruko eztabaidan ikusi berri dugu.
Baina horixe bera da, hain zuzen ere, indar gehiagorekin lan egiteko arrazoia. Akordioak bilatzeko arrazoia. Beto eta bazterketa barik. Jomuga bakarra izanik jendearen bizitza hobetzea.
Orain dela bi urte Gobernuan sartzeko erabakia hartu genuen. Eta gaur erabaki hori zuzena izan zela berresten dugu.
Akordio horrek politika sozialak martxan jartzeko balio izan duelako. Ekonomia sustatzeko. Herritarren arazoak konpontzeko, eta ez Gobernua herritarren arazo bat bihurtzeko.
Alderdi Sozialistak frogatu du euskal ezker arduratsua dela, konfiantzazko alderdia dela, arazo horiek konpontzeko eta konponbideak proposatzeko ezinbestekoa dela, bai eta horiek egiteko eta ziurtasunak ekartzeko ere.
Garai ezegonkor hauetan ez dugu zalantzarik behar gizarte gisa gure etorkizunari eta bizikidetzari buruz.
Herritarrek akordioak eskatzen dizkigute beren bizitzei lasaitasuna eta segurtasuna ekartzeko, eta horretan ari gara sozialistok, betorik eta bazterketarik gabe.
Autogobernuaren ponentzian egindako akordioa kontrako norabidean doa, eta, horregatik, denontzako tokirik dagoen bide ezberdin bat proposatu dugu.
Bide hori eskaintzen diegu oraindik aurrekontuen negoziazioan betiko tokian, ortodoxian eta zorroztasun-gabezian, jarraitzen dutela frogatu digutenei. Bistakoa denez, gauzatu ezin diren gauzekin zoriontasun-hitzak esaten dizkiete herritarrei.
Autogobernuaren ponentzian egiten duten gauza berdina, berdina.
Oraindik aldatzeko garaiz dira.
4.- UDAL- ETA FORU-HAUTESKUNDEAK
Besteak beste, guk osatzen dugun Gobernua ez dute limurtu Kataluniako eta Euskadiko diskurtso iruzurtiek. Gobernuak denontzako gobernatzen du, salbuespenik gabe. Eta programa ezagun eta garden bat oinarri izanda egiten du.
Eta, urte berriaren baitan herritarrekin eta haiek eskatutako egonkortasunarekin dugun konpromisoa berretsi nahi dugu. Hauteskunde-deialdien ondorioz, ez dugu konpromiso hori ahaztuko, eta erreferentzia horrekin joango gara hauteskundeetara.
Topaguneak burutu nahi ditugu eta. Herrialde honetarako ibilbide luzeko apustua dugu, ezaguna: pluralitatea bermatuz eta legea errespetatuz gizarte-eskubideak sendotu eta hedatzeko bizikidetza-proiektua.
Testuinguru horretan helduko diegu udal- eta foru-hauteskundeei zein Europakoei, uste baitugu horien bidez borrokatu beharra dagoela desberdintasunen aurka.
Horietan denetan babestuko dugu pluralitatea eta herritarrekin eta beste alderdi batzuekin itunak egiteko beharra, demokrazia sendotzeko, eskubideak berreskuratzeko eta askatasunak hedatzeko. Horietan denetan proiektu barneratzaileak proposatu nahi ditugu, denontzako tokia dutenak, zeinei esker, pertsona guztiek eskubide eta betekizun berdinak izango dituzten.
Ziurgabetasunak, beldurrak, beharrak, eskubideak eta lurraldeak erabiliz gatazkak sortu nahi dituztenengandik urruntzen den proiektua. Berriz eskainiko dugu proiektu kolaboratzailea, elkarrizketarako eta akordioak egiteko irekia.
Eskerrik asko.
Bilbo, 2018ko abenduaren 18a