partekatu
Isabel Rodriguez: “Administrazio guztiek ez dugu norabide berean bultzatzen etxebizitza kontuan; sozialistentzat, etxebizitza Ongizate Estatuaren oinarri bat izan behar da”
PSE-EEko arduradunek Euskadiko etxebizitza politiketan betetzen duten funtsezko rola azpimarratu du ministroak, eta Espainiako Gobernuak enpresa publiko bat sortu izana gogoratu du
Denis Itxaso sailburua etxebizitza esparruan esku hartzearen alde azaldu da, “behar-beharrezko ondasuna eta funtsezko eskubide bat delako”

Etxebizitza eta Hiri Agendako ministroak, Isabel Rodriguezek, euskal sozialistek etxebizitza kontuan egin izan duten lana goratu du, “Euskadi lider bihurtuz politika horietan, etxebizitzarako eskubidea Ongizate Estatuaren funtsezko oinarri bat dela”. Eta esan du “administrazio guztiek norabide berean ez bultzatzea” dela etxebizitza arloko arazo handietako bat. “Aurreko gobernuen gelditasunak eraman gaitu egoera honetara, etxebizitza aktibo finantzario baten modura ikusten zutelako”. Horren aurrean, ministroak adierazi du Euskadi “etxeko lanak egiten” ari dela etxebizitza kontuan, Etxebizitza Legearekin eta eskubide subjektibo gisara aitortuta.
Ane Oyarbide Donostiako alkateordeak zuzendu duen mahai-inguru batean, eta Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua bertan zela, sozialistei esker etxebizitza kontuan urrats garrantzitsuak eman direla azpimarratu du Isabel Rodriguezek: “Etxebizitzaren enpresa publiko bat sortzea proposatu dugu Espainiako Gobernuan, prozesu osoa kontrolatuko duena, eraikitzetik hasi eta giltzak eman arte”. Politika horiek Euskadin ere islatzen dira, adibidez Donostian, Martuteneko espetxe zaharra gazteentzako 400 etxebizitzetan bihurtuko delarik, edo Basaurin, alokairu publikoko beste 400 etxebizitza eraikita.
Etxebizitzaren arazoaren konponketan urratsak emateko Espainiako Gobernuaren politikaren hiru ardatzak zehaztu ditu Isabel Rodriguezek. “Eskaintza gehiago, etxebizitza gehiago eta kalitate hobeagokoak egin, daudenak ere birgaituz; erregulazio gehiago, merkatuan esku hartuz herritarrentzat etxebizitza duinak eskaintzeko baina baita espekulazioaren kontra egiteko ere; eta laguntza gehiago, gazteei abalak emanez, kasurako”, zehaztu du.
Etxebizitza sailburuak, Denis Itxasok, politika publikoek duten garrantzia azpimarratu du, “etxebizitzarako eskubidea ez bada bermatzen zaila delako Ongizate Estatuaren gainerako eskubideak betetzea”, haren hitzetan. Sailburua erakundeen “interbentzionismoaren” alde azaldu da arlo horretan, ezbairik gabe, merkatua arautzearren eta herritar guztien etxebizitzarako eskubidea bermatzearren, inguruko beste herrialdeetan egiten ari diren moduan. Denis Itxasoren esanetan, etxebizitzaz hitz egitea horren inplikazio sozialez eta kohesioaz hitz egitea ere bada, eta behar-beharrezko ondasuntzat jo behar da, energiaren antzera.
Denis Itxasorentzat, “oso agerikoa da merkatuaren tenkadura eskariaren gorakadari eta eskaintza urriari zor zaiola”, eta “eskaintza berriz ere handituz” emango zaio, hain zuzen ere, amaiera tenkadurari. Ildo horretan ari dira lanean bai Eusko Jaurlaritzatik, bai udaletatik, nabarmentzekoa delarik horiek lurzorua utziz betetzen duten eginkizuna. “Zerbait mugitzen ari da”, esan du horri buruz.
Alexis Mundt Vienako Institute for Real Estate, Construction and Housing erakundeko adituaren “Orain, etxebizitza duin eta eskuragarria guztiontzat” izeneko inaugurazio-hitzaldiak eman dio hasiera “Euskadi, aquí y ahora. Euskadi, hemen esta orain” lemarekin otsailaren 14tik 16ra Euskadiko Alderdi Sozialista-Euskadiko Ezkerra (PSE-EE) egiten ari den X. Kongresuaren atariko jardunaldiari. Mundtek Viena jarri du alokairuko politika arrakastatsuen adibidetzat. Hiri hori “maizterren hiria” da Mundtentzat, errentamendu-erregimenean bizi direlako herritar gehien-gehienak. Alokairuko etxebizitza guztien %42a ekimen publikoari dagokio, hau da, udalen edo kooperatiben etxebizitzak dira.
Eta eredu horren gakoak aletu ditu: udal-etxebizitza parke zabala, erabilera publikoko sustatzaileen (kooperatibak) eginkizuna, erakundeen esku-hartzea lurzorua eta laguntza ekonomikoak eskainiz, eta etxebizitza sozialen eskuragarritasuna.
Sistemaren ezaugarrien artean, besteak beste, honako hauek nabarmendu ditu Mundtek: alokairuko etxebizitza eskuragarriak egotea hiri osoan, “nahasketa soziala bultzatzen duena”, etxebizitza horietan mugarik gabe eta prezio oso baxuetan bizitzeko aukera, eta horiek eskuratzeko muga modura ezarritako errenta-atalase altuak. Vienar eredua transferitu ote daitekeen galdetu du Alexis Mundtek. “Epe luzerako eta tradizio handiko eredu bat da; beraz, zaila da hori osorik transferitzea, baina alderdi asko kopiatu daitezke, kooperatibei buruzko legeria, esaterako”.