partekatu
Oscar Puente: “Sozialistek mugikortasun osasuntsu, jasangarri eta seguru baten alde egiten dugu lan; eredu argia dugu, PPrena eta VOXena, berriz, eredu zaharkitua da, antigoalekoa”
Ministroak esan du Mugi sistema hartu behar dela mugikortasunerako eredutzat eta hobariekin jarraituko dela kolektibo kalteberenentzat eta garraio publikoa gehien erabiltzen dutenentzat
Garcia Chueca sailburuak: “Sozialistak herritarren eskubideak handitzeko daude politikan, eta mugikortasuna desberdintasunak murrizten dituen eta funtsezko zerbitzuetako aukera bermatzen duen tresna bat da”

Oscar Puente Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko ministroaren hitzetan, Alderdi Sozialistaren garraio-eredua osasuntsua, jasangarria eta segurua da, PPrena eta VOXena ez bezala, horiena “eredu zaharkitua, antigoalekoa delako, beren proposamen gehienak bezala”. Ministroak adierazpen horiek egin ditu PSE-EEren X. Kongresuaren atariko jardunaldiaren barruan programatutako “Orain, mugikortasun jasangarria gizarte-kohesio handiago baterako” mahai-inguruan. Susana Garcia Chueca Mugikortasun Jasangarriko sailburuak eta Azahara Dominguez Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolamenduko diputatuak ere hartu dute parte bertan.
Puenterentzat bi eredu daude askatasuna ulertzeko, elkarren kontrakoak diren bi eredu. Sozialistek defendatzen dutena, non mundu guztiak, “beren egoera ekonomikoa edozein dela ere, ibilgailu bat izan ala ez edo mugitzeko mugaturik egon ala ez, edozein tokitara ahalik denbora laburrenean eta erarik efiziente eta jasangarrienean joateko eskubidea izan behar duena, eta PPren eta VOXen eredua, edozein tokitara autoz joateko askatasuna bakarrik defendatzen duena”.
Alderdi Sozialista euskal gizartearentzat historia osoan baliagarria izan dela azpimarratu du ministroak, “konponbideak eskainiz Gobernuan zein oposizioan egon denean”. Eta Mugi defendatu du erreferentzia-eredu gisara: “eredu horretara zuzendu behar gara”. Horren haritik, esan du hobariekin jarraituko dela. “Orain ez dute bereizketarik egiten, baina gehien erabiltzen dutenak eta kolektibo kalteberenak saritzera zuzendu behar da”.
Susana Garcia Chueca Mugikortasun Jasangarriko sailburuak, bere aldetik, esan du sozialistak “herritarren eskubideak handitzeko” daudela politikan eta helburu horretara zuzentzen direla bere ahaleginak Eusko Jaurlaritzaren Mugikortasun Jasangarriko Sailaren burutzan.
Sailburuarentzat, mugikortasuna tresna oso eraginkorra da desberdintasunak murrizteko eta herritarren funtsezko zerbitzuetarako sarbidea bermatzeko. “Azpiegitura moderno, eraginkor, erabilerraz eta eskuragarriak behar ditugu eskubide hori gauzatzeko, pertsona guztien sarbidea bermatzearren, edozein dela ere horien egoera pertsonal zein sozioekonomikoa. “Eta Espainiako Gobernuak martxan jarritako hobarien bezalako neurriak, garraio publikoaren erabilera bultzatzen eta familia eta kolektibo kalteberen patrika mesedetzen dutenak”, adierazi du.
Horrez gain, Euskadin urrats bat aurrera egin dugula nabarmendu du, 12 urtetik beherakoentzako garraio publikoaren doakotasuna ezarrita. Beharrezko neurri bat, sozialistek euskal erakunde nagusienetatik bultzatu dutena, egituraz geratzeko etorri dena, gainera. “Izan ere, herritar guztien bizi-kalitatea hobetzen dugu horrekin, batik bat, seme-alaba txikiak dituzten familiena. Horiek izango dira doakotasunaren onuradun nagusiak. Arindu egingo dugu joan-etorriek familiei eragiten dieten zama ekonomikoa, eta, aldi berean, garraio publikoaren erabilera sustatuko dugu etxeko txikienentzat, haurtzarotik fidelizazioa eraginez. Horrela, geure hondar alea jartzen dugu klimaren aldaketaren kontrako eta garraioa deskarbonizatzeko borrokan”, gaineratu du.
Mahai-buruaren moderatzailea, hots, Azahara Dominguez Gipuzkoako Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatua, mugikortasun jasangarriaren alde azaldu da, “justizia sozialaren kontu bat” delakoan. Funtsezko eskubide bat da haren esanetan, pertsona guztiek izan behar duten horrako aukera, beren errenta-maila edo bizitokia alde batera utzita.
“Mugikortasun jasangarria eskubide bat da eta hezkuntza, osasuna, lana eta aisialdia bezalako beste eskubide batzuetarako aukera bermatzen du”. Hori dela eta, “sozialistek, beste behin, herritar kalteberenak babesteko neurriak bultzatzen ditugu, garraio publikoan deskontuak martxan jarrita, esate baterako”. Horren haritik, Eusko Jaurlaritza garraioko eragile guztientzat txartel bakarra sortzeko egiten ari den lana gogoratu du.